|
|
Elkar musikaren nobedadeak |
 |
|
Xiberoko Kantüak |
|
 |
|
Disko honetan, Zuberoako herri kantuan joan den mendean izan ziren ahotsik onenen bilduma zaindua topatuko duzu. Interpretazio guztiak “a capella” formatuan aurkezten dira. Grabaketak 1950. urtetik aurrera Ximun Haran-ek eginak dira eta bere garaian binilo formatuan argitaratu ziren “Club du Disque Basque” izeneko bilduman.
Zuberotar kantuarentzat erreferentzia den disko honek, belaunaldi berriek kantu tradizionalaren transmisioa zuzen-zuzenean jaso eta dastatzeko balio dezala.
Kaleratze data: martxoa.
|
|
|
Imuntzo eta Beloki “Ganbaran bai” (Urolako trikitixa) |
|
Erromeri eta trikiti munduan aurkezpenik behar ez duen bikoteak Urolako trikiti pieza zaharren bilduma osatu du. Urolako zenbait trikitilari historikok sortutako piezak bere garaian berezkoa zen moldean jo eta bat-batekotasuna mantendu nahi izan dute, eta baita lortu ere!
Trikiti eta panderoaz gain hain ohizkoak ez diren musika tresnak sartu dituzte: botila, trikitiaren maleta, tinbalen kaxa… Guztira 23 abesti fresko eta dantzagarri, erromeriazaleen gozamenerako.
Kaleratze data: martxoa.
|
|
Karlos Gimenez “12 geltoki” |
|
Karlos Gimenez pianojolea esperientzia handiko musikaria dugu. Interprete moduan euskal kantari eta talde ezagunen zuzeneko emanaldietan parte hartu izan du (azken garaian Belardi taldearen partaide dugu), eta horrezaz gain musika konposatzen, moldaketak egiten eta produktore gisa ere hamaika lan egina da (Erramun Martikorena, Xabier Lete, Imanol, Pier-Paul Berzaitz…).
“12 geltoki” diskoan 12 pieza instrumental eskaini dizkigu, pianorako berak sortu eta interpretaturiko 12 konposizio.
Zaila da Laida azpizigiluan aurkezten den lan hau definitzen; klixe guztien gainetik emozioak sortu nahi izan ditu eta esan genezake zinez lortu duela.
Kaleratze data: martxoa.
|
|
Epelde eta Larrañaga |
|
Bikote ezagunaren hirugarren diskoa dugu hau. Aurrekoen ildotik jarraituz, 13 pieza berri aurkeztuko dizkigute, non berezkoa duten graziaz eta etorriaz gure kulturaren bi zutabe garrantzitsu maisuki uztartzen dituzten: bertsoa eta trikitixa.
Festa eta erromeria aldarrikatu nahi dituzte eta dantzarako gonbita luzatu fandango, arin-arin, vals, pasodoble… erritmoen bidez.
Iker Allur trikitilaria dute grabaketan gidari eta Oskorri taldeko Josu Salbide (haizezko musika tresnak) eta Iñigo Egiak (perkusioak) ere parte hartuko dute.
Kaleratze data: apirila.
|
|
The pub ibiltaria 8 (Oskorriren abentura bat) |
|
Oskorrik The Pub Ibiltariaren abenturari bide emanez iazko Santo Tomas egunean Bilboko Areatzan zuzenean grabaturiko kontzertuaren grabaketa eskainiko digu formatu bikoitzean. Kantu herrikoiaren munduari taldeak eskaintzen dion zortzigarren ale honetan kantuen play-backa eta partiturak ere aurkeztuko dira.
Kaleratze data: apirila.
|
|
Kukuma |
|
Kukuma Bizkaiko folk talde gaztea da eta aurkezpen diskoa besapean dutela datozkigu. Lan berri honetan festarako proposamen berriak topatuko ditugu; izan ere, abilezia eta oreka handiz erritmo beroak, soinu zeltak eta gure tradizioko musika tresna etnikoak uztartzen dituzte. Gaita, soinu txikia, bateria, bouzoukia, txalaparta, flauta, mandolina, whistle, cavaquinho, gitarra… dituzte zuku berezi hau sortzeko osagarri nagusi, eta, intuizioa lagun, lehen entzunaldian sartzen diren abestiak proposatzen dizkigute.
Kaleratze data: maiatza.
|
|
Ibon Koteron “Airea” |
|
Ibon Koteron albokajole bizkaitarra “Airea” izeneko lan berri batekin datorkigu. “Airea” diskoan alboka sendo bat entzungo dugu, erritmo indartsuak, soinu berrituak… Irmotasunez taxututako 12 aire berri.
Kepa Junkera aritu da produkzio lanetan eta kolaborazio interesgarriak entzun ahal izango dira bertan: Ruper Ordorika (ahotsa), Iñaki Plaza eta Ruben Isasi Etxak (perkusioak), Faltriqueira (Galizia, ahotsak), Solledona (Korsika, ahotsak), Pekka Westerholm eta Heikki Syrjänen (Finlandia, liru, mankeri), Roston Kuchichian (Armenia, duduk), Gilles Chabenat (Frantzia, vielle), Andrea Pisu (Sardinia, launeddas).
Kaleratze data: maiatza.
|
|
|
|